|
Hogeita hamairugarren atala
Argitalpen elektroniko guztiek, baita euskarazkoek ere, gehienak teknologia berrien aurrean nahiko beldurtiak direnek, laster aukera batzuei aurre egin beharko diete: lehena, erabaki ea nahi duten Interneteko informazioa era tradizionalean -batez ere inprimatuan- eskaintzen zituzten edukinen laburpena izatea edo haruntzago joatea, edukinak sarean in extenso emanez, eta horregatik lortzea bere zabalkundearen zai garrantzitsua igorpen elektronikokoa izatea. Hori lortzeko, dudarik gabe, edizio elektronikoak eskaintzen dituen aukerak agortu behar dira, esperimentatu egin behar da. Betetzen al dute Euskal Herriko hedabideek eskakizun hori? Multimedialitate eta interaktibitate eskasa. Hasteko, multimedialitatea eskasa da. Ikusentzunezko hedabideek ez dute ez soinurik ez irudi mugikorrik zabaltzen. Azken hauek, egia da, arazo teknikoak ematen dituzte. Irudi mugikorrak ordenadore batean ikusi ahal izateko, Internetetik hartzeko, denbora luzea behar da. Gure artean, bakarrik France 3 Bayonnek esperimentatzen du aukera horrekin. Ordenadorean ikus daitezkeen irudiak telebistakoak baino askoz txarragoak izaten dira. Soinuen kasuan, berriz, ez da horrenbeste ulertzen zergatik inork ez dituen Euskal Herrian eskaintzen, ez aldi berean, betiko irratiak egiten duen bezala, ez artxibo moduan, gure ordenadorera ekartzeko aukera alegia, azken hau irrati komentzionalak eskaini ezin dezakeen aukera izanik. Oso eskasak dira bilaketa-sistemak, Java applets direlakoak, eta oro har, euskarazko komunikabideetan -erdarazkoetan bezalaxe- testualitatea nagusi da. Horrek, aldi berean, oso interaktibitate baxua dakar, apenas posta elektronikoaren bidez hedabidearekin komunikatzeko aukera, ia inoiz kazetariekin, beraz erabiltzaileak eduki dezakeen eragina komunikabidearenganakoa da, ez kazetariarenganakoa. Honetan ere hedabide inprimatuen sistema zaharra jarraitzen dugu. Etengabeko berriztapenik ez. Edukinen etengabeko berriztapena ere ez dago. Batez ere egunkarien kasuan inor ez da ausartzen produktu elektronikoa inprimatua baino lehenago argitaratzera. Munduan zehar horixe da joera, zertxobait mugitzen den arren, baina Euskal Herrian erabat nagusi da. Hala ere, duela asko ikusentzunezko komunikabideek, batez ere irratiak, aurrea hartu zieten inprimatuei azkartasun kontuetan, eta orain, berriro hedabide testualak galduta zuten borroka horretan garaile suerta daitezkeela ematen duenean, beldur omen dira. Hona hemen gakoa: oraingoz, enpresa periodistiko handiek mesfidantzaz ikusten dituzte beren produktu digitalak, betikoen arerioak bailiran, paperezko edo uhinezko produktuen "anaia txikiak" izatera behartuta. Produktu digitalak badituzte konpetentziak ere badituelako, ez produktu berririk sortzeko asmoa dutelako. Irakurle berriak, produktu berriak. Etorkizunik badago kazetaritza digitalean, audientzia berrietan dago. Irakurle berriak zortzi edo hamar urte ditu, eta bideojokuekin jolasten du. hau da, ordenadoreekin ibiltzen da, informazio beste era batera jasotzen du, badaki zer den interaktibiatea, informazio-mailak. Bere jarrera aktiboa da. Aurreko belaunaldien ohitura kulturalak eta informazio jasotzeko moduak oso ezberdinak dira: gaurko gure gazteak medio pasiboetara ohituta daude, irratira eta, batez ere, telebistara; helduxeagoak, ordea, egunkari eta liburuen kulturakoak dira, informazio modu sekuentzialez jasotzera ohituta. Azken batean, apustua multimedialitatearen aldekoa, interaktibitatearen aldekoa, arintasunaren eta aldi berean sakontasunaren -eta pertsonalizazioaren- aldekoa izan behar da. Agian produktu berriak, publiko berriarentzat, ez daude enpresa zaharren eskuetan, irudimena duten kazetari eta enpresa berrien eskuetan baino. Nork daki. Edozein kasutan ere, euskarak behintzat ez du ematen oraingoan berriro kazetaritza berriko trena galtzeko prest dagoenik.
Atzera Aurrera | |