Webgune honen jatorria - Gure ikastaroa

 

Jatorria: ikastaroa

        Webgune hau "Masa Komunikazioaren Ikerkuntza" izeneko ikastaroaren emaitza da. Berau Kazetaritza lizentziaturako 2. mailako derrigorrezko ikastaroa da, UPV/EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean, eta Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailak ematen du. 6 kreditu ditu, eta Urritik Urtarrilera bitarte gauzatzen da.

        Ikastaroaren helburua, laburki, honakoa da: ikasleek masa komunikazioarekiko jarrera kritikoa gara dezaten, horretarako gai honen inguruan azken mendean izan diren ekarpen teoriko nagusiak bereganatuz.

        Aurten ordea ikastaroa gertaera baten inguruan antolatu dugu: Irailaren 11ko erasoen ostean munduan zabaldutako krisiaren inguruan alegia. Hartara, ikastaroaren helburu zehatza honakoa izan da: krisi honetan hedabideek duten jokaera aztertuz, oro har masa komunikazioaren inguruko ezagutza sakondu eta jarrera kritikoa sustatu.

Ikastaroaren metodologia

        Metodologiaren aldetik begiratuta, ikastaroak aurreman batzuk ditu. Lehena eta behinena, ikasketa prozesuaren ulerkuntza da: gure aburuz, ikasketa prozesua norberak egiten duen eraikuntzan du abiapuntua, ez ezagutzaren transmisioan. Hots, ikasten dugunean ezagutza eraikitzen dugu, aldez aurretik dugun ezagutza, bizipen, gogoeta zein jarrerak beste batzuenekin alderatuz, kontrastatuz eta osatuz, azkenik sintesia egiteko. Horregatik irakaskuntza ere ezin daiteke ulertu jakintzaren transmisio gisa, ezagutzaren eraikuntzaren laguntza gisa baizik. Irakaslearen lana, hartara, gehiago da erreztatzailearena transmisorearena baino. Gure ikastaro honetan filosofia hau praktikan jartzeko aukera ezin hobea izan dugu, irakaslearen lana ikasleen lanaren antolakuntza eta suspertzea izan baita bereziki. Azalpen teorikorik apenas ez den egon.

Ikastaroaren antolakuntza

        Kazetaritzako 2. mailako euskal taldeak 50 ikasle inguru izan ditu aurten. Talde handia izateak arazoak ekarri ohi ditu lanak antolatzeko garaian, baina oraingo honetan kopuru handia gure alde jarri nahi izan dugu. Horrela, koordinazio lana izugarri biderkatu bada ere, hainbeste jenderen artean egin daitekeen esfortzua baliatu nahi izan dugu.

        Azaldu dugun legez, krisiaren inguruan hedabideek duten jokaera aztertzea dugu ikastaroaren helburu zehatza, masa komunikazioarekiko jarrera kritikoa garatzearen helburu orokorraren baitan. Helburu hauetara iristeko, maila bitan murgildu gara: hedabideen jokaeraren azterketa zuzena bata, eta horri buruzko gogoeta bestea. Bi maila hauetan aritu eta langintza guztiak koordinatu ahal izateko, hiru egitura ezberdin erabili ditugu: lantaldeak, solastaldeak, eta osoko bilkurak. Lantaldeak eginkizun zehatzen inguruan antolatu dira, orotara hamar izanik. Batez beste bost lagunek osatu dute lantalde bakoitza, taldeburu baten koordinaziopean. Solastaldeak eztabaidatzeko taldeak dira, eta bakoitzean hamar lantaldeetako kide bana integratu da; beraz, hamar laguneko bost solastalde. Horrela, solastalde bakoitzeko eztabaidan parte hartzen dutenak langintza ezberdinetan arituak dira, eztabaidari ikuspuntu eta informazio ezberdinak emanez. Osoko bilkurak, ikasle guztiak irakaslearekin biltzen direneko bilkurak dira, gehienbat arazoak komentatu eta konpontzeko, prozesuaren ebaluaketa egiteko eta koordinaziorako egiten direlarik.

Webgunea eskema honetan

        Honelako lan bat eginez gero, zera iruditu zitzaigun: gure artean sor dezakegun ezagutza guretzat bakarrik gorde barik, interesgarria izan zitekeela gizarteratzea. Azken batean, komunitatearentzat garrantzitsua izan daitekeen lan bat dugu eskuartean -masa komunikazioari buruzko gogoeta-, eta lan horren emaitzak konpartitzeari egoki irizten diogu. Gaur egungo teknologia berriei esker, gainera, erreza eta merkea da hori plazaratzea. Hemendik dator hain zuzen webgunea sortzearen ideia: Mediaberri (http://www.ehu.es/mediaberri).

Webguneak, hartara, helburu nagusi bi ditu:

        - Kanpora begira, ikasketa prozesua sozialki emankor bihurtu nahi du, krisi honetan hedabideek duten jokaerari buruz eta oro har masa komunikazioari buruz ikasten dugun guztiaren berri gizarteari emanez.

        - Barrura begira, lantaldeetan zein solastaldeetan burutzen den lanaren suspergarria da bakoitzaren helburu zehatza baita lanaren emaitzak webgunean argitaratzea.

Lantaldeak

        Hurrengo taulan ikus daiteke lantaldeak zein diren, eta bakoitzak zein eginkizun bete behar duen.

 

Lan Esparrua

Taldea

Helburu zehatzak

Taldekideen zeregina

Talde-saioen helburuak

Talde-saioak

Web-orrirako egitekoa

A- Teorien azterketa

A1

*Gai-ordenaren, Isiltasunaren Kiribilaren, Urrunketaren eta Newsmaking Teoriak aztertu

Teoria horiei buruzko artikuluak irakurri (denek dena)

Saio bakoitzean teoria bat aztertu

gutx. 4

Ekarpen bi, aztertutako teoriak bilduz eta kasu honetara aplikatuz

 

A2

*Emozio/Ezagutza mailako eraginak

*Testua; Irakurketa testuala

*Kodetzea/deskodetzea

*Erabilera eta Sariak

Teoria horiei buruzko artikuluak irakurri (denek dena)

Saio bakoitzean teoria bat aztertu

gutx. 4

Ekarpen bi, aztertutako teoriak bilduz eta kasu honetara aplikatuz

B- Kasuen azterketa

B1

*Aurreko gerra-kasu konkretuak aztertu

Bakoitzak liburu bat irakurri

Saio bakoitzean liburu bat aurkeztu

gutx. 5

Ekarpen bi, aztertutako kasuak bilduz

 

B2

*Gaiari buruzko liburu orokorragoak aztertu

Bakoitzak liburu bat irakurri

Saio bakoitzean liburu bat aurkeztu

gutx. 5

Ekarpen bi, aztertutako kasuak bilduz

C- Hedabide arabiarren jarraipena

C1

*Hedabide arabiarrek gatazkari buruz ematen duten informazioa bildu eta aztertu

Bakoitzak (edo binaka) hedabide bat aztertu

Saio bakoitzean bakoitzak bildutakoa amankomun jarri eta lerro nagusiak atera

astero?

Hedabide arabiarren informazioari buruzko ekarpenak

D- Bertako hedabideen jarraipena

D1

*Hiru egunkarik gatazkari buruz ematen duten informazioa bildu eta aztertu

*Egunkarietako lan-prozesua ezagutu

*Hiruk hedabide bana jarraitu

*Bik, egunkarietara jo

*Lehenetan, egunkarietako informazioa aztertu

*Gerokoetan, egunkarietako lan-prozesua aztertu

astero?

Jarraitutako medioei buruzko ekarpenak

 

D2

*Telebistak (ETB?) gatazkari buruz ematen duten informazioa bildu eta aztertu

*Telebistako lan-prozesua ezagutu

*Hiruk telebista jarraitu

*Bik, telebistara jo

*Lehenetan, telebistako informazioa aztertu

*Gerokoetan, telebistako lan-prozesua aztertu

astero?

Jarraitutako medioei buruzko ekarpenak

E- Interneteko jarraipena

E1

*Kasu honetan hedabideen (prentsa idatzia eta internet bera?) jokaerari buruz dagoen informazioa bildu eta aztertu

Internet arakatu, modu koordinatuan

*Lana koordinatu

*Informazioa amankomun jarri

*Informazioa aztertu

astero?

Bildutako informazioari buruzko ekarpenak

 

E2

*Kasu honetan hedabideen (ikus-entzunezkoen?) jokaerari buruz dagoen informazioa bildu eta aztertu

Internet arakatu, modu koordinatuan

*Lana koordinatu

*Informazioa amankomun jarri

*Informazioa aztertu

astero?

Bildutako informazioari buruzko ekarpenak

F- Web orria

F1

*Web orria diseinatu eta interneten jarri, horretarako behar diren gestio guztiak eginda (espazioa, eskubideak, formatua, estetika, teknika...)

*Lotura interesgarriak jarri

Talde barruan zehaztu beharko da lanaren banaketa

Lana koordinatu

astero?

 

 

Solastaldeak

        Jadanik esan dugun legez, bost solastalde dira, bakoitza hamar lagunek osatua. Hamarrok lantalde ezberdinetan dabiltzanez, eztabaidan gai, ikuspuntu eta informazio ezberdinak agertzea da helburua.

        Solastaldeetako bileretan, teknika bi erabiltzen ditugu: Kideen Arteko Tutoretza bata, eta Berreraikuntza bestea. Kideen arteko tutoretzari dagokionez, ideia honakoa da: tutoreak ikasleak beraiek izan daitezen, arrazoi ezberdinengatik: batetik irakaslea ezin delako solastalde guztietan egon ordu berean; bestetik irakasleak, batzuetan, eztabaida suspertu beharrean oztopatu egiten baitu, igorle baten eta hartzaile askoren arteko harreman desorekatua birsortuz. Ikasle guztiek bete behar dute tutoretza lana behin, eta txandaka egiten da (lantaldeetako taldeburuak kanpoan uzten ditugu, beste ardura batzuk baitituzte). Solastaldeen bilera edo mintegi bakoitzean bina tutore daude, eta eginkizun bi dituzte: alde batetik solastaldeko bilera edo mintegiak dinamizatzea, eztabaida suspertuz eta eramanez. Bestetik mintegi bakoitzaren ostean haren berreraikuntza egin. Eginkizun hauek egokiro burutu ahal izateko, saio bakoitzeko tutore guztiak aldez aurretik irakaslearekin biltzen dira, eta mintegia egiten dute haiek, aldez aurretik eta irakaslearen tutoretzapean, geroago beraiek zer egin behar duten ikus dezaten.

        Berreraikuntza, bestalde, saioan eginiko eztabaidaren sintesia da. Eztabaidatu diren gaiak, izandako gorabeherak (arazoak, taldearen jarrera, e.a.), emandako gogoetak eta abar biltzen dira, idatziz eta modu elaboratuan, solastaldekide guztiei pasatzeko. Berreraikuntzaren helburua bikoitza da: alde batetik tutoreek saioaren ebaluaketa egin dezaten. Bestetik solastaldearen hurrengo bileran gogoan har dadin aurreko bileran ibilitakoa, ahal delarik ikastaroan zehar burutuko diren lau mintegiek jarraikortasuna izan dezaten. Horretarako garrantzitsua da berreraikuntzak, sintesiarekin batera, hurrengo bilera gida lezaketen galderak eta gaiak aurreratu ditzan, beti ere ibilitako bidea abiapuntutzat hartuta.

Osoko bilkurak

        Hauetan denon arteko koordinazio lana burutzen da. Bertan hartzen dira ikastaroari dagozkion erabakiak (lan plangintzak, metodologia, eginkizunen banaketa, egutegia, ebaluaketa, kalifikazioa e.a.), eta arazoak eztabaidatzen. Hauek irakaslearekin batera egiten dira, ikasgelan.

Egutegia

        Hau guztiau burutu ahal izateko derrigorrezkoa izan dugu egutegi itxi batekin jokatzea, hainbeste eginkizun, egitura, talde eta jenderen arteko koordinazioa eramatea ezina baita bestela. Astean hiru ordu ditugu, saio bitan banatuta: astelehenez ordu biko saioa, eta asteazkenez ordubeteko saioa. Egutegia, hartara, honela geratu da:

 

Eguna

Zeregina

Oharrak

Urriak 3

Osoko bilkura: Ikastaroaren aurkezpena

 

Urriak 5

Osoko bilkura: Lan proposamenaren aurkezpena eta eztabaida

 

 

 

Urriak 10

Osoko bilkura: Proposamenari buruzko erabakiak

 

Urriak 17

Osoko bilkura: Taldeen osaketa

 

Urriak 22

Talde-lana: lanaren antolaketa

 

 

 

 

Urriak 24

Talde-lana

 

Urriak 29

Talde-lana

 

 

 

 

Urriak 31

Osoko bilkura: Prozesuaren ebaluaketa

 

Azaroak 5

1. Tutoreen bilera

 

 

 

 

Azaroak 7

Talde-lana

 

Azaroak 12

1. Mintegia

 

 

 

 

Azaroak 14

Talde-lana

 

Azaroak 19

Talde-lana

 

 

 

 

Azaroak 21

Osoko bilkura: Prozesuaren ebaluaketa

 

Azaroak 26

2. Tutoreen bilera

 

 

 

 

Azaroak 28

Talde-lana

 

Abenduak 3

2. Mintegia

 

 

 

 

Abenduak 5

Talde-lana

 

Abenduak 10

Osoko bilkura: Debatea: Orwell-en 1984

 

 

 

 

Abenduak 12

3. Tutoreen bilera

 

Abenduak 17

3. Mintegia

 

 

 

 

Abenduak 19

Talde-lana

 

GABONETAKO OPORRALDIA

Urtarrilak 7

4. Tutoreen bilera

 

 

 

 

Urtarrilak 9

Talde-lana: amaiera

 

Urtarrilak 14

4. Mintegia

 

 

 

 

Urtarrilak 16

Osoko bilkura: Azken ebaluaketa eta ondorioak

 

 

Ebaluaketa eta kalifikazioa

        Egutegian ikus daitekeenez, une ezberdinetan egiten dira ebaluaketa saioak. Batetik mintegietan, eta bestetik osoko bilkuretan. Horrela, uneoro jakin dezakegu prozesua nola doan, agertzen diren arazoei aurre egin ahal izateko eta prozesua bera aberasteko. Ikastaroaren bukaeran, era berean, ebaluaketa orokor bat egingo dugu.

        Beste kontu bat da ordea kalifikazioa. Daukagun hezkuntza sistema daukagularik, nork bere buruaz egiten duen ebaluaketaz gain beste zerbait ere behar dugu ikasle bakoitzari kalifikazio zehatza emateko, berau izango baita espediente ofizialera igaroko dena. Auzi hau erabat lotu gabe daukagu oraindik, baina hainbat gauza adostu dugu jada, kontuan hartu beharko diren irizpideen inguruan: bakoitzak bere buruari buruz egiten duen balorazioa, egindako lanen oroitidazkia eta taldearen iritzia. Zehazteke daukagu, ordea, guzti honi nolako forma eman. Edozein modutan, taldeak hartuko du azken erabakia, eztabaidaren ostean.

Azken gogoeta

        Ikastaro hau ibilian diseinatu da, bat-batean sortu baitzen honela burutzeko ideia. Horregatik zenbait gauza lotu gabe daude, eta beste asko hobeak izan litezke, aldez aurretik pentsatu izan balira. Beraz, hemen esaten diren guztiak behin-behinekotzat hartu. Gure helburua ez da inori eskoletan zer egin daitekeen esatea, eta gu ez gara pedagogoak ez didaktika arloko teknikariak. Baina esku artean dugun gaiaren kasuan bezalaxe, ohar hauen bitartez gure esperientzia didaktikoa bera konpartitu nahi genuke.

        Ikastaroaren heren bi joanak direlarik, aurreikusitako helburu zehatzak % 100ean betetzen ari ez garela ikusten dugun arren, hasierako asmoetatik oso urrun ez gabiltzala esan dezakegu.

Josu Amezaga