ZINTZILIK IRRATIA (Orereta) Komunikabide ofizialek isiltzen zutena zabaltzearen helburuarekin, 1984. urtean, Euskal Herrian zehar Irrati Libreak sortzen ari ziren garai haietan, sortutako kolektiboa da Zintzilik Irratia. Zintzilik Irratia Orereta erdialdeko etxe zahar bateko gela batean hasi zen martxan; etxe honetan Alkoholicos Anonimosekoak biltzen ziren hasieran, baina hauek utzi zutenean Oreretako zenbait talde (emakumeak, ekologistak, antimilitaristak...) sartu ziren bertara. Etxea konpontzen nahiko lan egin genuen, eta baita kalean ere aktibitate pila urte haietan... baina zoritxarrez hamar urte pasata eta teilatua aldatu, ganbara konpondu eta beste hainbat lan egin ostean etxea bera zetorren, eta gainera udaletxeari interesatzen zitzaion alde zaharreko berreraikuntza zela eta, eta badakigu honek zero pila suposatzen dituela espekulatzaileen kontutan... gauzak horrela, etxean lan egiten genuen taldeek, (Zintzilik Irratia eta Oreretako Talde Antimilitarista) udalarekin gogor borrokatu behar izan genuen gure lanekin jarraitu ahal izateko erdialdean genuen etxearen truke Herreria bezala ezagutzen zen etxea konpon zezaten. Beraz, 1995. urtean Zintzilik Irratia, Oreretako Talde Antimilitarista eta Herreriako bi biztanleek asko kostatako akordio bat sinatu genuen udalarekin eta Herreriara etorri ginen. Egun Herrerian (perratzailearen etxebizitza bezala eraikia izan zena eta garai punkietan okupatutakoa orain hamabost bat urte) eta aldameneko etxean Herreriako biztanletako bat, Herreria ta Zi@ proiektua eta Zintzilik Irratia gaude. Etxea denon artean gestionatzen dugu, (ez horrela aldameneko etxea). Beheko solairuan irratiko asanbladak, liburu aurkezpenak, bilerak, jaiak eta denborak uzten diguna egiten dira. Bertan daude Herreria ta Zi@k antolatutako liburu-denda eta liburutegia (astean bi egunetan irekitzen dute, eta liburuak, fantzineak, boletinak etab... banatzeaz gain kontrainformazio boletina egiteko asmoa ere badute). Goiko solairuan irratia, grabaketa gela eta bulegoa daude. Zintzilik Irratia kolektibo autogestionatua da (ez dugu inoiz dirulaguntzetatik bizi izan nahi) eta asanbladaren bidez funtzionatzen du (ostegunero 8etan). Gure emisio eremua Oarso Bailara da, hau da Lezo, Oiartzun, Pasaia (Antxo, Donibane, San Pedro, Trintxerpe), Donostiako ekialdea (Altza, Herrera eta Bidebieta) eta Orereta. 1999. urtetik 24 orduz emititzen dugu, zuzenean 5 edo 6 bat ordu arratsalde-gau partean, errepikapenak goizeko 10etatik aurrera eta kuņak eta musika ( ahalik eta ez komertzial, ez sexista, eduki gutxikoa) gainontzeko orduetan. Zintzilik Irratia irrati ireki eta partehartzailea da, bertan gizarte kapitalista eta errepresibo hau aldatzeko lanean ari diren pertsona eta taldeek lekua dutelarik. Gure helburua, irratia bezalako komunikabide batekin esperimentatzeaz gain, botereari salduta dauden komunikabide ofizialek isiltzen dituzten salaketa, lan eta proposamenei ahotsa ematea da. Adierazpen Askatasunaren alde borrokatzen dugu, ahots inkorfomista eta iraultzaileak irratien munduan gero eta baztertuagoak dauden garai hauetan, eta mundu aske eta solidarioago baten alde borrokatzen ari diren pertsona eta taldeei irekitzen diegu Zintzilik Irratiko uhinak. Web orria hau kontra-informazioa lantzen jarraitzeko beste urrats bat besterik ez da, eta bertan gure programazioa, paskintzilik, kuņak... eta, nola ez, komunikabide ofizialek gure herriaz isiltzen edo manipulatzen dituzten berriak ere aurkituko dituzue bertan.