Zer da EUSKALDUNON EGUNKARIA?
EUSKALDUNON EGUNKARIA 1990eko abenduaren 6an sortu zen, eta, gaur egun, oso-osorik euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra dugu. Asteko sei egunetan, asteartetik igandera, plazaratu eta Euskal Herri osoan (Hegoaldean zein Iparraldean) izaten da salgai. Horrez gain, interneten eskuragarri dago, eta ingelesez idatzitako atala ere badu.
EUSKALDUNON EGUNKARIAk bilakaera nabarmena izan du bere sorreratik: hasieran 32 orrialde baino ez bazituen ere, itxi zutenean 60 orrialde inguru zituen eguneroko argitalpenak eta, kontuan hartuta gehigarri desberdinak, egunean 76 orrialde argitaratzen zituen, batez beste.
EUSKALDUNON EGUNKARIA ohiko egunkaria dugu, eta beste egunkari batzuen antzeko atalak ditu: iritzia, Euskal Herriko politika, gizartea, ekonomia, kirola, zutabeak, zerbitzuak, kultura, gertakariak eta telebista.
EUSKALDUNON EGUNKARIAk Andoainen (Gipuzkoa) dauka egoitza nagusia, baina Iruņea, Baiona, Bilbo eta Gasteizen ere baditu bulegoak. Guztira, 150 langile dira.
EUSKALDUNON EGUNKARIA euskaldunek sortu zuten, beren ideia, lan eta diruz. Egunkaria hutsune handi bat betetzeko sortu zen, euskaldunei, goizero, albiste guztien berri eman ahal izateko euskaraz. Zeregin hori egun bakar baten ere kale egin gabe bete du azken 13 urteetan.