INFORMAZIOZKOAK: Gaur egun gure inguruneko telebistagintzan albistegiek betetzen duten zereginak bi alderdi oso markatu ditu. Kuantitatiboa da bata, egun osoko emisioetan beste generoekin alderatuta zenbaterainoko denbora okupatzen duen erakusten duena. Eta kualitatiboa bestea, albistegiek kanalaren eskaintzan nolako zeregina betetzen duten eta berri-saio horiek nolako mamia duten ( pertsonaiak, tokiak, etab. ( agerian utziko dituena. ETB2ko programazioaren azterketa egitean, albiste saioen presentzia %20'1ekoa dela ikusi dugu, eta bazkal eta afalorduen ostean izaten dira berri-saio entzutetsuenak. Dena dela, albistegiak ordu-erdiz notiziez osaturiko tarte hutsak direla uste duenak, programa-mota hauen aurpegi bat besterik ez du aipatzen. Izan ere, albistegien bidez beste saioetan baino agian argiago islatzen dira kanalaren ildo editorialaren nondik norakoak. ETB2n informazioak prime time tartearen %42'1 betetzen du. Gainera ETB2n, albistegiek ETB1en baino hiru aldiz pisu handiago dute. ETBko albistegiek Euskal Herrian gertatzen diren gauzei buruz informatzen dute beste edozertaz baino areago. Albisteen heren bi baino gehiago Euskal Herriko mugen barnean gertatutakoei buruzkoak dira. * ( "Hedabideak eta Euskal Herria" liburutik, NOR ikerketa taldea )