1875ean E.Gray-k eta A.Graham Bell-ek telefonoa sortu zuten eta G.Marconi-k harigabeko irrati telegrafia sortu zuen, baina 1909.urte arte bi asmakizun hauek ez zuten bat egin aparatu bakar batean. Izaera publikoa zuten lehenbiziko transmisioak 1920.urtean burutu ziren Britainia Handitik, konkretuki Chelmsford hiritik. Hala ere, emanaldi entzunena W.Melba sopranoarena izan zen, 1920ko ekainaren 15ean. Baina lehenago, AEB-n hasiak ziren emanaldi pribatu eta noiz-behinkakoak, adibidez: 1908an Kalifornian Herrold-ek praktikan jarri zuen eskualde hartako nekazariei informazio metereologikoak transmititzea, edota 1911an Wisconsin-eko unibertsitatetik noiz-behinka informazio ekonomikoa eta metereologikoa zabaltzen zuten WHA emandegitik. Hala ere, 1920 arte urriak izan ziren horrelako emanaldiak Estatu Batuetan eta Europan. Halaber, lehenengo irrati-emanaldi erregularrak egin zituzten estazioak EEBB-n sortu ziren: WWJ Detroit-ekoa eta KDKA Pittsburg-ekoa. Holandan 1919an sortu zen lehenbiziko irrati-emandegi erregularra PCGG izenekoa Haga hiritik emititzen zelarik. Aipatu behar da, irrati hedapenaren hasiera hartan ez zegoela gobernuek ipinitako kontrol ofizialik. Ondorioz, lehenengo irrati emandegiak nahiko anarkikoak ziren, elkarte ugarik bere irratsaioak emititzen hasi bait ziren, inongo lege oztoporik gabe. Laster irrati-kate handiak sortu ziren elkarte ekonomiko boteretsuen eskutik: Westinghouse; Radio Corporation of America(RCA, 1926an NBC irrati katea sortuko zuena); National Broadcasting Company (NBC); Columbia Broadcasting System(CBS);...Honela irrati hauek bizirik irauteko sostengua publizitatea eta ongi antolatutako programazioa zirela konturatu ziren emandegietako jabeak. Beraz, programa tarteak erabiltzen ziren publizitate biguna aireratzeko. Frantzian telefoniaren aurrerakuntzak telegrafiaren esparruari atxikiago joan ziren irrati-hedapenaren alorrari baino. Bertan ere hainbat irrati emandegi sortu ziren: 1921ean TSF enpresak irrati hedapen publikoko emanaldia egin zuen; urte berean Eiffel Dorreko irrati estazioak jarri ziren; Radiola enpresa pribatua sortu zen 1922an; 1923an PTT irratia hasi zen emititzen ; 1924tik 1926ra irrati emanaldi publikoak hasi ziren uhineratzen. Britainia Handian, 1922an British Broadcasting Company enpresa sortu zen, 1927an British Broadcasting Corporation (BBC) izena hartuko zuena. 1922.urtean bertze emandegi batzuk sortu ziren . Belgikan 1923an hasi ziren emititzen Radio Belgique-tik frantsesez eta N.V Irratitik nederlanderaz. Espainia eta Italian 1924.urtean hasi ziren emititzen Radio Ibericatik eta Irrati-Batasun Italiarraren barruan ziren Erroma eta Milango irratietatik. Ondorioz, 1925erako Europako 19 estatuetan zeuden jada irrati estazioak.