Euzkadi Irratiaren sorrera. Berdin-berdina gertatzen da Gerran Radio Bilbao-tik emititu ziren euskarazko albistegiekin. Matxinada ailegatu zenean, 1936ko uztailaren 18an bertan, Radio San Sebastián-etik Irujo eta Lasarte diputatu abertzaleek ohar bat irakurri zuten, Errepublikaren alde jartzen zirela adieraziz (Garitaonandia, 1990: 27). Gipuzkoako Junta de Defensa delakoak Unión Radio San Sebastián berehalaxe bereganatu, transmisorea desmontatu eta Debara eraman zuten. Han Radio Euzkadi bezala emititzen hasi zen. Hamar egun geroago, Getxora eraman zuten, Bizkaia asaldatuen menpe erori zen arte emititu zuen (Garitaonandia, 1987: 203).
Bilboko Irratia eta euskara. Berdin gertatu zen Radio Emisora Bilba’na-EAJ-28rekin: 1936ko irailaren 30an Errepublikaren aldeko agintariek bereganatu zuten. Bilboko Irratiak oso lan handia egin zuen, indar gutxi eduki arren. Irratiaren bidez jakin zuten Euskadiko biztanleek asaldatuek Gernika bonbaztatu zutela, eta Eusko Jaurlaritzak ondo jokatu zuen irratia erabiltzen bonbaketa haren garrantzia aireratzeko. J. M. Barandiaran esate baterako irratiaren bidez jabetu zen horretaz.
Eusko Jaurlaritza eratu zenetik, Bilboko Irratia euskarazko gauzak sartzen hasi zen bere irratsaioen artean. Hor daude, esate baterako, Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzaldiak, euskaraz eta erdaraz, garaiko egunkarietan aurki daitezkeenak. Lehenengoa 1936ko abenduan izan zen, Eguberriak gertu zeudelarik. Baliabide propagandistiko bezala ere erabili zuten: frentean bafle batzuk jarri zituzten asaldatuek ere entzun zezaten. Bigarrengoa 1937ko apirilaren 8an izan zen, Bilbo faxisten menpe erortzear zegoela.
Baina guri gehien ardura zaizkigunak euskarazko albisteak dira: lehenengo aldiz, irratian euskaraz irakurritako berriak entzun ahal izan ziren. Eusko Jaurlaritza behin eratuta, eta Araudi edo Estatutoa, zeinak euskara ere Euskadiko hizkuntz ofiziala zela azpimarratzen zuen, indarrean zegoelarik, Bilboko Irratiak euskarazko albistegiak aireratzeari ekin zion, 1936ko urriaren 28tik, bai EAJ-8 uhin arruntetik, bai 3-JP uhin extramotzetik. Garai hartako egunkarietan ikus daitekeenez, hiru albistegi zeuden: lehenengoa, emisioak hasi ziren momentuan, goizeko zortzi eta erdietan. Orduen seinaleekin batera, "Alas" izeneko irratsaio albistegiaren lehen edizioa hasi zen. Ordu erdiko irratsaioa zen. Goizeko bederatzietan edizioa ixten zuten hamabiak arte, musika eta ohar batzuen irakurketarekin. Ordubietan "Alas" albistegiaren bigarren edizioa hasten zen, espainolez eta euskaraz, ordubi eta erdiak arte. Harezkeroztik musikak betetzen zuen programazioa, hiru eta erdietatik zazpietara hutsik zegoela. Gauez beste albistegi elebidun bat zegoen, hamabost minutukoa, hamarrak laurden gutxitik hamarrak arte. Zoritxarrez, ez da guregana albistegi haien testurik edo gidoirik heldu. Radio Bilbaok frantses eta ingelesezko beste bi albistegi aireratzen zituen, frantsesezkoa gaueko hamaika eta erdietan eta ingelesezkoa hamabietan, biak hamabost minututakoak.
Gainera, beste irratsaio batzuk ere ezagutzen ditugu Radio Bilbaoren sintonian (euskaraz Bilbao-ko Irradiotsa deitua), Eusko Jaurlaritzaren agindupean astero antolatuak. Dirudienez, gobernuko alderdi politiko banari eskaintzen zitzaion asteroko irratsaio hori. Bat ezagutzen dugu, A.N.V.-k edo Eusko Indarrak egin zuena, 1937ko apirilean. A.N.V.ren egunkariaren euskal atalaren arduraduna zen Bernabé Orbegozo Otarbek egin zuen, euskara gaia zelarik.
Esan beharrik ez, Bilbo asaldatuen menpe erori zenean, irratiaren bidezko euskarazko emisioak bukatu ziren (Zabala Allende, 1986: 131). Beste gauza askorekin bezala euskarazko irratsaioekin zera gertatu zen: 30eko hamarkadan gorakada handia egin bazuten ere, urte batzuen buruan normalizazioraino ailegatu zirelako esperantza eduki ahal izatea zilegi zelarik, Gerrak ahalegin haiek guztiak hautsi egin zituen.