100 urte bete dira Guglielmo Marconi italiarrak lehendabiziko aldiz Europa eta Amerika elkarrekin komunikatzea lortu zuenetik. Orduz geroztik, oinarrizko tresna bihurtu da haririk gabeko telegrafia eta teknologia berrien garapena ahalbidetu du, zalantzarik gabe.

Marconik erabilitako lehenengo transmisorea.

1901eko abenduaren 12an Guglielmo Marconik bere ametsa bete zuen: haririk gabeko telegrafiaz Europatik Amerikara seinalea igorri eta bi kontinenteak komunikatzea. Gaur egun telekomunikazioaren oinarria den arren, garai hartan inork ez zuen sinesten posible zenik, baina italiarraren egoskorkeriak alderantzizkoa frogatu zuen.


Marconi jaio eta urte gutxira, Hertz-ek argi-uhinak uhin elektromagnetikoak direla frogatu zuen, uhin elektromagnetikoen erreflexioa eta errefrakzioa argiarenak bezalakoak zirela ikustean. Aurkikuntza horrek Marconi gaztetxoa txunditu zuen, eta 21 urte zituela hasi zen bere kabuz lehenengo saiakuntzak egiten.


Lehenik bere etxeko ganbaran hasi zen lanean, eta distantzia txikietan seinaleak igortzen saiatu zen. Ganbararen mutur batetik bestera lehenik, eta etxetik lorategira ondoren. Horrela, haririk gabe seinaleak bi kilometro eta erdiko distantziara igortzea lortu zuen, eta haririk gabeko telegrafiaren lehenengo sistema praktikoaren asmatzaile bihurtu zen.

Marconi eta bere laguntzailea, Ingalaterrako seinalearen zain.

Ordurako buruan zuen Amerika eta Europa komunikatzearen kontua. Ingalaterrako hego-ekialdean (Poldhu-n) potentzia handiko transmisore bat ezarri zuen, eta, Atlantikoaren beste aldean, uhinak detektatuko zituen estazioa. 1901erako prest zuen dena, eta iragarpen guztien aurka, abenduaren 12an, Marconik eta bere laguntzaileak pi-pi-pi garbi batez entzun zuten Ingalaterratik zetorren morse seinalea. "S" adierazten zuen soinu harekin, 3.600 km inguruko distantzia gainditzea lortu zuen Marconik.


Lehenik irratiaren garapena ahalbidetu zuen, eta, gerora, telekomunikazioekin zerikusia zuten beste asmakizun askorena ere bai. 1909an Fisikako Nobel saria jaso zuen, bere saiakuntzekin munduko komunikazio-sarea eratzen lehenengo urratsa eman baitzuen Marconik.