ETB-1ek katea sortu zeneko hasierako asmoei eusten die, hau da, informazioa eta euskal biztanleen parte hartzea bultzatzen ditu, eta euskal kultura eta euskara zabaldu eta indartu ere egiten ditu. Bertan, era guztietako saioak aurki daitezke, magazinak, elkarrizketak, telesailak, zinea, dokumentalak etab. Hala ere, haur eta gazteentzako programen tartea zabala da. Kirola ere ETB-1eko beste apustuetako bat da, eta, futbola, pilota, saskibaloia, txirrindularitza, boxeoa, herri kirolak... denetarik ikus daiteke. Horrez gain, herritarren zerbitzura egindako katea dela kontuan izanda, albistegiek toki handia dute. ETB-1i esker, gainera, telebista euskaraz ikus daiteke egun osoan, 24 orduko programazioa baitu.