Azkeneko hamarkadetako ezaugarria da tokian tokiko telebisten ugaritzea. Hala ere, Hego Euskal Herrian oraindik legedia garatu barik dago eta mota honetako telebistek alegaltasun egoeran diraute. Arduradunek ez dute emititzeko lizentziarik, baina bai baimen administtratiboa, alegia. Gauzak horrela, legea existitu arren, erkidego autonomoek ez dituzte transferentziak jaso hura garatzeko. Telebista lokalen fenomenoaren aurrekaria kate estatalen tokian tokiko deskonexioetan topatu dugu. Izan ere, EEBBetan hasi eta Europan garatu izan zen, 70eko hamarkadaz geroztik. Horrela "hurbiltasun" efektua lortzen zen, ikusentzulea erakarriz. Izan ere, hurbiltasun geografikoak publikoaren jakinmina areagotzen du. Tokian tokiko telebistak, beraz, kate handien (estatalak, erkidegokoak...) hutsuneaz baliatzen dira, ikusentzuleari gertuko informazioa eskaintzeko. Hala ere, tipologia bat ezartzeko beharra dago, telebista guztiek ez baitituzte helburu berdinak konpartitzen. Alde batetik, hiriburuko eta hiri handietako telebistak ditugu, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen saiatzen direnak, publizitatearen bidez eta kate handien eredua jarraitzen dute. Bestetik, euskarazko kateak ditugu, hizkuntza sustatzeko helburua dutenak eta apalagoak direnak, oro har. Azkenik, kate "ez profesionalak" daude ere, noizean behin emititzen dutenak. Euskal Herriko egoerari dagokionez, gaztelerazko telebista lokalen nagusitasuna ikusita, 1998an Euskarazko Herri Telebisten Federazioa sortu zen. Elkarteak kateen arteko elkarlana bultzatu du eta errentagarritasuna lortzea du helburu.